bidasoamedia bidasoamedia

Aukeraren aurrean

politika herri mugim.

Ezustea eta ziurgabetasuna. Hori da aste honetako albisteak Hondarribiko Gazte Asanbladan sortu duen sentipena. Hezkuntza, Gazteria eta Prebentzio Departamentuko aurrekontua aurkeztu zuen udalak asteartean. Agerraldi horretan, Txomin Sagarzazu zinegotziak aurreratu zuen Puntaleko eskolako lokaletako bat eskainiko diola udalak Gazte Asanbladari. Bertako kideek ez zuten erabakiaren berri eta oraindik ere, ez dute eskaintza formalik jaso. Eraikin horrekiko interesa aspaldi plazaratu zuten, baina pasa den irailaz geroztik, harremanak etenda zeuden.

Txomin Sagarzazuk udalaren erabakia azaldu zuen asteartean: “Momentu honetan, Puntaleko eskolari beste erabilera batzuk emateko asmoa dago”. Caritas eta Emeki elkarteek beren jarduerak bertan aurrera eramateko aukera izango dute, baina ez dira bakarrak izango. “Gazte Asanbladari lokal horietako bat eskainiko diogu”, baieztatu zuen Sagarzazuk. Baldintza bezala, Asanbladak bere ekintzen programazio bat udalarekin adostu beharko duela ere azpimarratu zuen zinegotziak. Momentu honetan konponketa batzuk behar ditu Eskolak baina ondoren, Emekik eta Caritasek hiru lokal hartuko dituzte eta hirugarren fase batean, areto bat erabiltzeko aukera izango du Hondarribiko Gazte Asanbladak.

Aspaldiko eskaera

Sagarzazuk berak astearteko agerraldian onartu zuen bezala, Hondarribiko Gazte Asanbladak aspaldi egin zuen gaztetxe baten beharraren aldarrikapena. Oihane Bengoetxea Asanbladako kidea da eta eskaera hori azaldu du: “Guk ekintza batzuk aurrera eraman nahi ditugu eta horretarako gaztetxea behar dugu. Bitarteko bat da, jendea elkartzeko eta ekintza batzuk egiteko tokia”. Lehenengo proiektua 2011ko abenduan aurkeztu zuten gazteek udaletxean. Horrekin batera, gaztetxearen aldeko 1.000 sinadura jaso eta prentsaurrekoa eman zuten. Garai hartan jarri zuten mahai gainean Puntaleko eskola zaharra erabiltzeko aukeraren gaia. Bengoetxeak gogoan du udalak eman zuen erantzuna: “Argi utzi ziguten guretzat bakarrik izango zen lokalik ez zela egongo”. Dena dela, udalak ez zuen proiektua zuzenean baztertu eta Gazte Asanbladak ontzat eman zuen lehenengo kontaktua.

2012ko otsailan beste bilera bat egin zuten. Ordurako, Hondarribiko Gazte Asanblada elkarte bezala erregistratuta zegoen. Udalak egindako esakerari jarraituz egin zuten formalizazioa. “Haiekin harremanetan jartzeko beharrezkoa omen zen”, azaldu du Bengoetxeak. Asanbladarekin elkartu baino hilabete eskas lehenago, Gizarte Laguntzen aurrekontuak azaltzerakoan, Puntaleko lokala beste bi elkarteri bideratuko zitzaiela azaldu zuen udalak. Baina bigarren bilera horretan, lokalaren inguruko gaian aurrerapausorik eman ez zuela adierazi zuen. Urte bereko abuztuan, beste idatzi bat aurkeztu zion Asanbladak udalari, Gazte Xaia izenburupean. Hondarribiko Jaien ondoren, bi aldeak kontaktuan jarri ziren berriro. Puntaleko eskolaren egoera azaldu zuen udalak eta bertako areto bat Asanbladari eskaintzeko asmoa aipatu zuen lehenengo aldiz. Ondoren harremanak eten egin ziren eta gaia alboratuta gelditu zen. Joan den asteartera arte.

Elkarlanerako eta autogestiorako prest
Gazte Asanbladak orain arte jaso duen informazio guztia ahozkoa izan da eta badirudi azken agerraldi horrek ofizialtasuna eman diola erabakiari. Hala ere, Oihane Bengoetxeak ez du argi ikusten oraindik: “Guri udaletxeak ez digu baiezkorik eman. Gure artean hitz egin dugu eta arraroa iruditzen zaigu gurekin zuzenean harremanetan jarri ez izana”. Azkenean horrela izango balitz, eraikina Emeki eta Caritasekin konpartitzearen ideia ondo ikusiko lukete Asanbladako gazteek. Denentzat aberasgarria izan daitekeela uste du Bengoetxeak: “Guk bezala, Emekik ere tailerrak egiten ditu eta elkarrekin aurrera eraman ahal izango genituzke”.

Martxan jarriko dituzten aktibitateen programazio bat eskatu dio udalak Asanbladari eta alde horretatik badute zer aurkeztu. Literatur tailerra, irrati librea, fanzinea, ludoteka, serigrafia, trukaketa merkatua, antzerkia eta baratza, prestatuta dituzten ekintza edo proiektuen adibideetako batzuk baino ez dira. Eraikinak behar dituen konponketei dagokienez, Gazte Asanblada prest dago Eskolaren birmoldaketan parte hartzeko. “Margotzerakoan adibidez, ardura hori hartzea gustatuko litzaiguke. Ahal den neurrian, gure espazioa eraiki nahi dugu”, aipatu du Oihane Bengoetxeak. Herriko gazteek sortu eta kudeatutako espazio komun bat bilatzen du hortaz Gazte Asanbladak. Hori da haren xedea. Gaztetxea.