bidasoamediabidasoamedia
antxetamedia.info

Aurrekontuari buruzko xehetasunak eman ditu Hondarribiko Udalak

18.900.000 euroko aurrekontua du Hondarribiko Udalak 2016rako. Diru kopuru hori zertan erabiliko duen azaldu du udal gobernuak. Baina lehenago, 2016-2019 eperako osatu duen Agintaldi Planaren berri eman du. 6 ardatz ditu, 30 helburu eta 78 proiektu zehatz. Epe luzerako helburu estrategikoak zehazteko modua izateaz gainera, kontrolerako tresna ere izango dela iragarri du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Urtetik urtera berrikusiko dutela baieztatu du.

Onartu dituzte Irungo aurrekontuak

2016ko Irungo Udal Aurrekontuak onartu dituzte urtarrilaren 27an, abendurako aurreikusita zegoen plenoa bertan behera gelditu ondoren. PSE, EAJ-PNV eta PP alderdietako kideek aurrekontuen aldeko 17 bozka eman dituzte. 8 izan dira kontrakoak, Si Se Puede Irun Ahal Dugu eta EH Bildurenak, hain zuzen ere. 69,7 milioi euroko aurrekontuak proposatu ditu udal gobernu taldeak, 75,4 milioi euro udalak kudeatzen dituen erakundeak kontuan hartuta. Onartutako emendakinekin beste 600.000 euro gaineratu behar zaizkio kopuruari.

Bizikidetza arloko asmoen berri eman dio Olanok Santanori

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako bizikidetza arloan dituen asmoak azaldu dizkie Markel Olano ahaldun nagusiak Julen Mendoza Errenteriako alkateari eta Jose Antonio Santano Irungo alkateari. Urtarrilaren 25ean izan da bilera, Donostian. Haren helburua bakea, bizikidetza eta giza eskubideen arloko udal politika sustatzea izan dela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Udaletxeak dira herritarrekin konektatzeko espaziorik egokienak, gertuen dituzten instituzioak direlako”, adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak.

Alkatea Auzoetan bilera programari ekingo dio Santanok

Auzoetako bileren errondari ekingo dio Jose Antonio Santano Irungo alkateak otsailaren amaieran. Auzotarrei euren arazoen eta beharren berri emateko aukera ematea da bileren helburua. Lehenengo bilera Larreaundin izango da, otsailaren 25ean, Santa Elena ikastetxean (19:00). Han egin zuten ekimeneko lehen bilera, 2011n. Orduz geroztik, 17 saio egin ditu Santanok auzoetan, eta 1.000 hiritar inguru hurbildu dira bileretara.

Espedienteak internet bidez kontsultatu ahal izango dituzte Irungo Udaleko hautetsiek

Espedienteak kontsultatzeko sarbide digitala hautetsien esku jarri du Irungo Udal Gobernuak. Azaldu du, hemendik aurrera, onartzeko prest dauden espedienteak aplikazio informatiko baten bidez kontsultatu ahal izango dituztela hautetsiek. Espediente osoak ezin izango dira onartu aurretik kontsultatu, baina aukera egongo da oinarrizko informazioaren berri izateko, espedienteak tramitatzen ari diren bitartean. Udal gobernuak adierazi du ezin izan duela zerbitzua lehenago eskaini, . “egokitzapen teknikoak” egiten ari zelako.

Aurrekonturik ez du Irungo Udalak 2016aren hasieran

Udal Aurrekonturik gabe ekin dio Irungo Udalak 2016 urteko jardunari. Abenduaren amaieran egin beharreko aurrekontuen osoko bilkura urtarrilera atzeratzea erabaki zuen udal gobernuak azken momentuan. Erabaki horren berri emateko ohar bat bidali zuen Miguel Angel Paez Ogasuna arloko ordezkariak. Oposizioko taldeek zuzenketak aurkezteko «denbora gehiago» behar zutela argudiatu zuen orduan Paezek.

2016ko aurrekontua onartu du Hondarribiko Udalak

18.624.442 euroko aurrekontua izango du Hondarribiko udalak 2016an. Bost ordu pasatxoko Osoko Bilkuran onartu dute. Alde bozkatu dute EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek, abstentzioa EH Bilduk, eta aurkako bozka ABOTSANITZ-ek.Guztira 63 emendakin aurkeztu dituzte oposizioko taldeek. Horietatik, PSE-EEren bost onartu ditu udal gobernuak (126.500 euro), Abotsanitz taldearen hiru (23.000 euro) eta EH Bilduren beste zenbait ere bai, 19.500 euroko balioa dutenak. PPk aurkeztutako biak erretiratu egin dituzte.

Aurrekontuen proiektuari zuzenketak aurkeztu dizkiote Irungo oposizioko alderdi guztiek

Abenduaren 29an egingo dute Irunen aurrekontuak onartzeko udalbatza. Lehenago, negozioazioak egin beharko dituzte udal gobernuak eta oposizioko ordezkariek. Oposizioko talde guztiek aurkeztu baitituzte zuzenketak.

Ezohikoa izan da osoko bilkura

Osoko bilkura egin dute azaroaren 26an Irungo Udalean. Ezohiko udalbatza izan da, EH Bildu eta Si Se Puede Irun Ahal Dugu udal taldeetako zinegotziak ez direlako egon. Udal gobernuak oposizioko lana egiteko oinarrizko baliabiderik bermatzen ez diela salatzeko erabaki dute ez bertaratzea. Udal gobernuko sozialistek eta jeltzaleek, eta oposizioko PPk bakarrik parte hartu dute plenoan.

Martxan da Euskal Herri Elkargoaren aldeko kanpaina

Euskal Herri Elkargoaren aldeko kanpaina abiatu du Batera plataformak. Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuaren ondotik atera da Beteraren autobusa, astelehenean goizeko 11:00etan. Iparralde osoan zehar ibiliko da aste honetan.