|
Mikel Kintana hondarribiarrak "Zortziaren bi aurpegiak" laburmetraia aurkeztuko du ostiral honetan Zuloaga Etxean. Film laburrak 13 minutuko iraupena du eta egileak dokufikzio gisa definitu du, irudi errealak zein antzeztutakoak nahasten dituelako. Istorioa, bikote baten ingurukoa da eta irailaren zortziko errealitatea zein den jakitera ematea besterik ez du bilatzen. Laburmetraiari buruz gehiago jakiteko Bidasoamedia.info Mikel Kintanarekin bildu da.

Nondik atera zen laburmetraian ideia?
Ideia atera zen, hondarribitar bezala, herrian zer gertatzen zen kontatzeko gogoa neukalako. Printzipioz, dokumental bat egoteko asmoa sortu zen, baina gauzak joan ziren forma hartzen eta azkenean, dokufikzio bat egitea hobeto zela pentsatu genuen. Horrela, askatasun gehiago genuen guk nahi genituen elementuak sartzeko. Ideia nagusia izan zen: neska aterako da tradizionalean kantinera moduan eta mutila, Jaizkibelen.Ideia nagusia hori zen eta hortik aurrera gainontzeko guztia atera zen. Bi urte eman ditugu gidoia lantzen eta zailena, alde batera edo bestera ez jotzea izan da.
Beraz, objektiboki lantzen saiatu zarete?
Bai, hasieratik helburua hori zen eta gehien gustatu zaiguna hori izan da ere, bi aldeak ikustea. Horrela, ikusleak bere ondorioak ateratzea . Polemika 1996an piztu zen, Jaizkibel konpainia lehenengo aldiz sartu zenean eta hamabi urte dira jada. Azkenean, herri mailan zer gertatzen den ikusteko, gehien inporta zaigulako eta kanpora ateratzen bada ere, ba oso ondo.
Hori izan da zuen helburua? Bakoitzak bere ondorioa ateratzera bultzatzea?
Bai. Oso argi eduki dugu hasieratik, ez genuela ez alde batera, ez bestera jo nahi eta oso konplikatua izan da. Azkenean kopia batzuk egin genituen eta jendeari erakutsi, bai alde bateko zein bestekoei ere, eta batzuk gauza batzuk esaten zizkiguten eta besteak beste batzuk. Hainbat gauzetan kasu egin genien eta beste batzutan ez. Hori da azkenean titularra: hilaren zortziaren bi aldeak. Erabilitako bikotea metafora bat da eta hau etorkizuna izatea gustatuko litzaiguke. Bakoitzak bere bidea du eta ez da ezer gertatzen.
Kontatu istorioaren nondik norakoak...
Bikote bat erabili dugu eta mutila Jaizkibelen ateratzen da eta neska kantinera moduan tradizionalean; lehenengoa arrantzalea da eta bigarrena ikastolako irakaslea. Jaiak gerturatzen direnean mutila itsasotik dator eta jaiak pasatzen doaz. Prozesua hilaren 6,7 eta 8an pasatzen da, egun nagusiak direlako. Kuadrillen afaria ikusten eta nola hainbat diskusio dauden hor bertan. Horrela, hilaren zortzia iristen denean bikotearen banaketa bat ematen da. Hortik aurrera dena irudi errealak dira.
Irudi errealak erabili dituzue?
Bai, horren aldeko apustua egin genuen. Asier Hernandez eta Oihana Maritorena, aktore eta aktoresarekin hitz egin genuen, postaz bidali genien eta gustatu zitzaien. Gainera, zuzenean grabatu nahi genuela esan genien eta beraz, ezin zela errepikatu ezer. Apustu bat zen. Adibidez, biek elkarrekin diana ikusten ateratzea nahi genuen eta apustua zen; zeren eta ateratzen den bezala geratuko da. Ezin zen ezer errepikatu, antzerkiaren antzeko zerbait: ateratzen dena atera da eta kitto, horrela geldituko da. Oso naturala zen eta bi portagonistei ideia gustatu zitzaien. Biak primeran portatu ziren. Egun horretan lau kamara bi balkoi desberdinetan jarri genituen eta beste bi kamara kanpotik, zerbait gertatzen bazen, grabatu ahal izateko. Oso gustora gelditu gara. 2.006an irudi batzuk grabatu genituen eta gero 2.007ra arte itxoin behar izan genuen, hainbat irudi faltan genituelako. Apustua egin genuenez, beste urtebete itxoitea erabaki genuen, irailaren zortzian eszenatokia prestatuta zegoelako. Azkenean bi urte pasatu dira hasi ginenetik.
Arazorik eduki duzute filmatzerakoan?
Ez. Dena oso legal egin genuen, apustua hilaren zortzian grabatzea zelako. Ez genuen sorpresarik hartu nahi egun horretan bertan, jende asko mobilizatuta zegoelako. Orduan, egun horretan grabatu ahal izateko Alarde Fundazioari akreditazioak eskatzea erabaki genuen eta horiek ez ziguten trabarik jarri. Gauza bakarra eskatu zigutena, txuriz eta zapi gorriarekin janztea izan zen, estetika mantentzeko. Ondoren, Jaizkibel konpainiarekin hitz egin genuen, jakiteko bertan aktore bat sartzea zer iruditzen zitzaien eta horiek ezta ez ziguten inongo trabarik jarri. Beraz, dena oso ondo joan da. Seinaleak bezala jaso ditugu; adibidez, behin Alde Zaharrera etorri ginen grabaketak nondik egin genitzazken ikusteko eta bat batean, balkoi batean ezagun bat ikusi genuen. Kamerena komentatu eta ez zigun arazorik jarri; beste balkoi batean ere... "Dena gure alde dago eta grabatu behar dugu" pentsatu genuen. Inongo trabarik gabe.
Lehen aipatu duzu, bi aldekoei kopiak erakutsi eta haien iritziak jaso zenituela. Nola hartu dute, bai tradizionalaren zein emakumeen aldekoek zuek ekoiztutako lana?
Ondo jaso dute. Ni Hondarribikoa naiz eta alde batean eta bestean ateratzen den jende asko ezagutzen dut eta laburmetraia ekoizten ari ginenez, beraien iritzia jasotzea nahiko genukela komentatu genien. Agian, kasu egiten genien eta agian ez. Sorpresa jaso genuen oso objektiboa zela esan zigutenean, baina merezi genuen, dena oso ondo egin genuelako. Egia esan, ondo hartu zuten eta gue helburua batez ere, abuztuaren zortzian jende desberdina biltzea da. Azkenean, laburmetrai bat ikusi eta hori elkargune bat izatea nahi dugu. Errealitate bat ikusiko dugu eta hondarribiarrak ulertuko dute gehien bat zer gertatzen den. Askotan hor ikusten zarenean pentsatzen duzu "zer gertatzen ari den...". Politikari desberdinei gonbidapena bidali diegu ere, eta alkatearekin telefonoz hitz egin genuen, bere asistentzia baieztatu zigun kultur zinegotziak egin bezala. Orain, Alarde Fundazioak zer esaten duen itxoiten ari gara, gonbidapena bidali genielako. Hala ere, fisikoki beraiekin hitz egitea nahiago dugu, etor daitezen jende guztia gonbidatuta dagoelako.

Gogoeta bat bultzatzen saiatu zarete, laburmetrai partidista ez bada ere?
Guk nahi duguna errealitatea ateratzea da. Bakoitzak bere iritziak ditu, bai lan taldean ere eta beno, gaiarai buruz gehiago jakiteko eman digu. Guk ez dugu nahi, ez alde batera ez bestera jo. Neri planteamendua gustatzen zait, nik liburu bat irakurtzen dudanean ez zaidalako gustatzen esatea hau horrela da eta hau horrela. Ez. Esan nola doan istorioa eta nik aterako ditut ondorioak. Askotan prentsarekin gertatzen dena da, albiste bera egunkari desberdinetan irakurrita, bakoitzaren enfokeaz konturatzen zara. Nik nahiago ditut nire ondorioak atera.
Kritikarik ez duzu jaso oraindik, baina ze espero duzu?
Espero dut jendea etortzea eta hori da helburu nagusia eta gainera, sentsibilitate desberdinetakoak. Helburua printzipioz Hondarribi baldin bazen ere, etortzen den guztia ongi etorri. Aurkeztu, ikusi eta gero luntxa eta behar bada aterako da gaia. Agian, mahai inguru bat egiteko erabili daiteke materiala norbaitek nahi badu, baina bueno geroari begira...
Eta Hondarribiako aurkezpenaren ostean?
Laburmetrai ziklo desberdinak daude eta bidaliko dugu. Produktora arduratuko da horretaz eta etortzen den guztia, ongi etorri.
Zerbait gehiago gehitu nahi duzu?
Bai, ez dela inoren kontrako pelikula, baizik eta denen aldekoa.
|