|
XX. mendeko lehen zatiaren "historia anonimoaren" bideo bilduma egin dute, herriko 24 aiton-amonen bizipenen testigantzen bitartez.
Hondarribiko Landa Garapenerako Departamenduko zinegotzi Gregorio Berrotaranek azaldutako "herriko historia anonimoa ez galtzearen gaineko kezkaren" ondorioz jarri zuten martxan, gaur Udalak aurkeztu duen `Hondarribiaren oroimena: gure aiton-amonekin blagan´ egitasmoa.
Proiektu honen bidez, herriak 50 urteotan gizarte eta kultur mailan jasan dituen aldaketak bizitu dituzten jendeari elkarrizketak eginez, bideo artxibo bat osatzeko helburua izan dute. Eta guzira 35 orduko materiala bildu badute ere, 45 bat minutuko dokumental bat argitaratzeko asmoa agertu du Udal Artxibategiko arduradun Kotte Guevarak.
Historia anonimoaren islada
Gregorio Berrotaranek nabarmendu duenez, XX. mendearen lehen zatian "guk ezagutu dugun bizia erabat aldatu denez, hurrengo belaunaldiek nola bizitu ginen jakin dezatela" bilatu dute. Izan ere, hainbat gizalditan ematen diren aldaketak, urte gutxitan eman direlakoan dago Artzuko baserritarra. Eta horren ondorioz, "gaztetxoei aiton-amonek bizitu zutena ulertezina egiten zaie".
Bilduma hau osatzeko, garai batean herriko ohiko lanbideetan aritutako arrantzaleak, baserritarrak, kontrabandistak, apaizak zein gabarreroak aukeratu dituzte. Hala, Patxi Etxeberria, Kontxita Portu, Martin Iturbe, Kontxita Mendizabal... eta horrela, 24 hondarribiarri egindako elkarrizketa bilduma "herriaren garapena ulertzeko oinarrizko iturritzat" jo du Koro Murua elkarrizketatzaileak.
Lan metodologia, aldiz, EHUko antropologoa eta Eusko Ikaskuntzako kidea, Pio Perezek zuzendu du. Bere esanetan, herriko edadeko jendea hiltzen den heinean, informazio iturriak galtzen direnez, "testigantzak bilduta, salbamenduko etnografia lana" egitea beharrezkoa zen. "Herriko historiari beste ikuspegi bat emateko aukera izan da, izen handiez gain, jende arruntak ere zer esana duelako", adierazi du antropologoak.
Zentzu honetan, egitasmoan parte hartu duten aiton-amonak gustora ibili dira. "Zenbaitzuk, bazela garaia... eta kamara baten aurrean beren historia kontatzeko momentua itxaroten ari zirela ziurtatu dute", azaldu du Pio Perezek.
|