|
Proiekzio bat, eztabaida eta basoan barrena ateraldia eginen dute larunbatean Hegaztien Babeserako Ligak proposaturiko urteroko sentsibilizazio kanpainaren karietarat.
CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Hendaiako Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak `Nuit de la Chouette´ (Hontz Zuriaren Gaualdia) antolatu du martxoaren 13rako. Iaz Biriatuko Intxaurreta gelan ospatutako gaualdiaren ildo beretik, larunbata honetan Hegaztien Babeserako Liga, Erregioko Parke Naturalen Federazioa Lauburu eta Saiak Elkarteekin elgarlanean, hontz zuriaren babeserako hainbat sentsibilizazio ekimen eginen dituzte. Horiek horrela, Robert Luquesek egindako `Gauaren hegalak´ filmaren proiekzio batekin abiatuko dute gaualdia 20:30ean. Filmaren ondoko eztabaida egin eta gero, Abadiako basoetan barrena isilpeko ibilaldia proposatu dute, "hontzaren bizimodu eta ingurunea ezagutzeko" eta "gauaren misterioa hurbiletik segitzeko". CPIE erakundeko ordezkariek iragarri dutenez, ibilaldi honetan tarteka, "gauaren eta hontzaren munduari loturiko sinesmenei buruz dira mintzatuko, eta egia zientifikoak zein sineskeriak nahasten dituzten De Lancren testuen irakurketak eginen dira". Gaualdia gauerdian bukatuko da, eta debalde parte hartu daitekeen arren, derrigorrez aitzinetik izena eman beharra dago 05 59 20 37 20 telefonorat deituta.
|