Paperezko turismo gidak ordezkatzera datorren GPS gailu baten bidezko autogida turistiko dinamikoa eskainiko zaie Behe Bidasoko bisitariei Irun, Hondarribia eta Hendaiako 18 hoteletan eta turismo bulegoan.
BEHE BIDASOA / Koldo NausiaTurismoa eta teknologia berriak uztartzen dituen proiektu berritzailea aurkeztu du gaur BluGuia enpresak Hondarribiko Carlos V. Paradorean. Txingudi en GPS izeneko proiektua Bidasoa-Bizirik garapen agentziaren babesarekin -8.000 euroko laguntza eman du- abiatu da gaur Hondarribia, Irun eta Hendaiako hotel eta turismo bulegoetan. Bisitarien eskuko gida iPhone-erako zein Windows Mobile aplikazioetarako garatutako programa bati esker, GPS gailu baten bidezko Behe Bidasoko autogida turistiko dinamikoa eskainiko zaie bisitariei. Gailu honek eskualdean zazpi ibilbide egiteko aukera ematen du, 165 interesguneetako irudi, bideo eta narrazioen bidez, historia eta turismo ezaugarriak xehe azalduz. Proiektuaren garapenaren arduradun Pablo Condek azaldu duenez, "tresna honek Irun, Hondarribia eta Hendaiako hiriguneak, nekazal eta mendialdeko ibilbideak edo Txingudi Badiari itzulia egiteko aukera eskaintzen du". Era berean, zerbitzua bost hizkuntzatan emango dute, euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Proiektuaren arduradunak azaldu duenez, eskualdeko hainbat hoteletan eskura egongo bada ere, "bere iPhone-a daukanak Apple Store aplikazioan autogida eros dezake 0,49 euroan". Horretarako, proiektuaren abiapuntu gisa, Hondarribia, Irun eta Hendaiako 18 hoteletan eta turismo bulegoetan halako 80 iPhone alokairuan jarri dituzte. "Ohiko paperezko gida erabili beharrean, bisitariei aurikularrekin batera tresna hau eskainiko zaie", esan du Condek. Eta dirudienez, neurri ekologikoa izan daiteke, "paperezko gidak argitaratzea ekiditen" duelako. Behe Bidasoa aintzindaria Zerbitzu berritzaile hau Vigoko Riveira Sacra (Galizia) herrian 2008 urtean martxan jarri zuten aurreneko aldiz. Eta dagoeneko, bisitarientzako erabilgarria dela eta harrera beroa jaso duela diote Blu Guia enpresako ordezkariek. EAEn aurreneko aldia da ere, halako zerbitzu bat eskaintzen dela. Eta enpresa honek Murtzia (Espainia), Mallorka (Herri Katalanak) eta Done Jakue Bidearen GPS bidezko autogidak ere aurki merkaturatuko ditu. Pablo Conderen arabera, turistak laguntzeaz gain, erakunde publiko eta turismoaren profesionalentzako tresna aski interesgarria izan daiteke. "Erabiltzaileek hautatutako hizkuntzaren arabera, edo ikusitako bideoak aintzat hartuta, herri bakoitzak duen turismo perfila eta interesgune nagusiak zeintzuk diren aztertu daitekeelako".
|